Artxiboa

Iraila, 2011 (r)entzako artxiboa

Hitzak

2011(e)ko Irailak 30 Iruzkinik ez

1

Hasieran hitza omen zen.

Amaieran ere hitza izango da, soinu bihuruta, oroimenaren soinu ozen.

Ametsak ere hitzak dira; erdibitu eta osatu egiten dira, gure bizitzaren erretratu trakets eta ilauna egiteko.

Hitzak denera iristen dira; eta dena hitzetan kabitzen da, baina ez da dena hitzetan geratzen.

Hitzetatik kanpo, beste mundu bat dago, hitzez adierazi ezin daitekeena.

Gaur egun, neurri batean edo bestean, denok kolpatzen gaituen “krisi”a hitz bat da, baina bere esanahia hitzetatik zintzilik jarri eta erori egiten da.

“Langabezi”a hitz bat da, baina hitzek ez dute balioko langabetu baten egoera gozatzeko. Ez beti, bederen.

“Esperantza” hitz bat da, hitz polita, hitz hegalaria, hitz oinarrizkoa. Baina esperantzak ez digu ziurtasunik ekarriko. Ez dago ziurtasunik inon. Itsu-itsuan gabiltza; batzuk besteak baino itsuago. Eta hitzek ez digute biderik irekitzen, ezta ibilbidea argitzen ere.

Antonio Machadok idatzi zuen: “Ez dizuet filosofoen erako zalantza aholkatzen, ezta eszeptikoen erakoa ere. Poeten zalantza aholkatzen dizuet, giza zalantza baita, gizon bakarti eta bidean galduaren zalantza”.

“Zalantza” ere hitz bat da, hitz kulunkaria, hitz jostaria, hitz engainatzailea.

–Baina jendeak hitzak behar ditu –hala esan dit adiskide on-on batek–. Hitzik ematen ez bazaio, mitoetara joko du, beste denboraldi bateko mitoetara.

–Mitoak ere hitzak dira –erantzun diot.

–Baina edozein hitzek ez du balio –esan dit.

–Bizitzan bezala, hautatu beharra dago –amaitu dut.

Galderak egiten ditugu eta erantzunak ekartzen. Hitzak fabrikatzen ditugu etengabe, gero eta gehiago. Gaur egun, gero eta hausnarketa sakonagoak egiten ditugu, gero eta analisia zorrotzagoak. Irudimena landu dugu, eta ez zaigu sormena ahitu. Lehendabiziko aldia da, gainera, ezagutza kolektiboa eraikitzeko elkarren arteaqn egin dugun  lana ikusgarri egin dela, edo egiten ari dela, internet eta hedabide sozialei esker.

Lehendabiziko aldiz historian, egia edo bere errepresentazioa ez dute talde pribilegiatuek eskaintzen.

Egia hor dago, suelto antzean, nork hartuko zain.

Gauza bera esan daiteke hiritarrek duten parte hartze politikoaz. Ala alferrikakoak izan ote dira kaleko mugimendu sozialak?

Denborak ekarriko digu erantzuna.

Eta poesiak dirau, oraindik badirau.

–Baina zer ekar diezaioke poesiak gaur egungo errealitateari? –galdetzen dit lehengo adiskide berak.

–Badakigu makinak gure burmuinetako artefaktua baino gehiago direla –erantzuten diot–. Baina poesiak lagun egiten digu, bestelako arte eta diziplina batzuekin batera.

–Poesia oroimena da –esan dit adiskideak–. Ahaztu egin zaigu oroimena zer den.

 –Gu ere mena eta oroimena baino gehiago gara –erantzun diot–. Beharbada poesia kirol naziona bihurtu beharko genuke.

–Bai, baina zer ahal dezake poesiak?

–Dena behar bada. Ezer ez, beharbada.

Poesia ere hitza da. Hitz geldia, hitz geldoa. Ez du denborarik eta ez du neurririk; ez du espaziorik eta ez du distantziarik. Baina esaten digu gu “beste”ak garela.

Poesiak galderak egiten dizkigu. Esaterako, zergatik izan du indar gehiago bala batek hitz batek baino.

Horrek ez du esan nahi poesia ahula denik; hitzak bala baten aurrean gelditu behar duenik, erreskateko prezioa ordaindu behar duenik.

Poesia ez da ordaintzen, ez baitu preziorik.

Inork ez luke bizitzeagatik preziorik ordaindu behar.

Bizitzearena ez bada, jakina.

2

Historiak kontatzea artea izan da, ia orain arte. Gaur egun, ordea, zailak dira aurkitzen ahots ozenez entzuleak hunkitzeko eta asaldatzeko historiak kontatzeko gauza direnak. Isiltasun klase berria sortu da, bestelako isiltasun guztien gainetik ageri dena: narratzailearen isiltasuna. Galdu egin baita hitzetik hortzera historiak esateko gaitasuna.

Hitza, gaur egun, hitz idatzia da.

Platon izan zen inor baino lehenago ohartu zen hitz idatziak ekar zezakeen arriskuaz. Bazekien oroimena ez zela berdina izango hitza, entzun beharrean, irakurri behar bazen.

Ahozkotasuna.

Oroimena esperientziaren zati da, eta esperientziak norberaren oroimenaren esparrutik ihes egingo du: alegia, gizon-emakumeok oroitzeko, alegia elkar oroitzeko, dugun ahalmenetik. Ahozkotasunak bizitzeko modu bat zekarren bezala, literaturak (literatura letra idatzia baita) beste bat ekarriko du, beste esperientzia klase bat, unibertsalagoa behar bada.

Zergatik?

Giorgio Colli irakasleak dio idazketarekin batera hasi zela filosofoen garaia, eta amaitu jakitunena.

Antigoalean jakitunaren ikurra poeta zen. Haren hitzak sekulako balioa zuen, jainkoek ala musek esandako hitza zelakoan. Gainera, interpretatzeko eta ulertzeko era asko eskaintzen zituen, metafora eta sinboloen bidez adierazia baitzen. Ez zegoen ulertzeko modu bakarra.

Idazten den hitzak, ordea, modu bakarrean ulertzeko idazten da. Eta modu dogmatikoan, askotan.

Biblia.


3.

Plutarkok aipatzen du Iparburutik gertu dagoen hiri bat. Bertan hiperboreoak bizi dira. Bertako hotza ohi baino handiagoa denean, hitzak izoztu egiten dira eta, pisuaren pisuaz eta grabitatearen legearen laguntzarekin, erori egiten dira. Gero, uda aldean, urtu egiten dira, eta biztanleek neguko elkarrizketak entzuten dituzte eta poztu egiten dira, denok, edo ia denok, pozten garen bezala, aspaldi elkar ikusi gabetan adiskide eta senideekin berriro elkartzen garenean.

Era berean, hala dio Plutarkok, gaztetan ikasitakoa gure baitan geratzen da izoztuta, eta hazitakoan soilik egiten da ulergarri, alegia benetako arazoak sortzen direnean.

Nik, dena dela, badaukat historia horren beste interpretazioa. Hitzak, neguan, ez dira izozten, baizik eta norberaren barruan gordetzen dira, nola harriak gorputz mutuetan. Neguan ere, nor bere etxean gordetzen da, eta nekez jartzen da besteekin harremanetan. Bitartean, udaldiaren zain geratzen da. Udan, izan ere, beroak jotzen duenean, esnatu egiten dira hitzak, eta ahoetatik irteten dira eta elkarrekin gurutzatzen dira, eta beren burua ematen dute ezagutzera. Norberak gordetako hitzak askatzen ditu eta hitz horiek negu luzean gertatutakoa kontatzen dute.

Ipuin bat:

Bizi naizen plazaren mutur batean, telefono kabina bat dago. Han bizi naizenetik hona, ez dut sekula bertatik hitz egiterik lortu. Komunikatzen ari da etengabe. Kabinaren ondo-ondoan, Jai Alai, taberna dago, pintxo ederrak eskaintzen dituena, Arzak maisuak esanda. Gerbasio Artoola da tabernaren jabea: gizon lasai eta epela, okultismo zientzietara zaletua. Berak dioenez, lehendik egindako deiak galduta omen dabiltza, telefono harian zehar bueltaka eta ibiltari.

–Nekatu eta deskantzatzeko toki bat aurkitu artem, ez duzue telefonoko linea libre izango.

Jendea dago kabinan beti, lehendik egindako deiak itzuli egiten baitira eta garbi entzuten dira, eta une horretan kabinan dagoenak, aurikuilarra belarriari pega-pega eginda, auzoko elkarrizketen berri izango du, futbol partida diderituan ematen denean bezala.

–Askoz dibertigarriagoa da, irratia entzutea eta pilota partidak telebistan ikustea baino –baieztatzen du burla haizez eta adar jotzeko gogoaz Gerbasio Altunak.

Nonahi aurkitu daitezke hitzak, eta jendeak hitzak entzun nahi ditu, iraganekoak badira ere.

Plutarkoren historia ere erabil daiteke, metafora gisa, poesiaren egoera azaltzeko. Poema bat idatzitakoan, ez da berehala antzematen ezta erabat ere esanahia. Denbora behar da, poesia hitzek barruan gordetzen duten edertasunaz jabe izan ahal izateko. Poema batek, dena dela, aldaketa asko jasan ditzake, guk bezala. Soinean daramatzaten irudiek beren esanahia aldatzen dute, gure irudimena ere aldatuz doala, eta urteak igaro ahala, zorrotzago edo kamutsago bihurtzen da, sentimenduak bezala. Adinaren kontuak, jakina. Gu garena, edo zer garen uste duguna, handituz eta txikituz doa bizitza osoan zehar, alegia hustuz eta betez doa.

Gaur ez gara bihar izango garena; eta bihar, agian, ez gara izango.

Hitzak iraungo gaitu.

4

Jakin beharko genuke literatura eta egia, bakoitza bere aldetik, zer diren, edo, nahi izanez gero, biek batera zer osatzen duten. Biak ala biak direnez gure kultura honetan hitz handi eta arranditsuak, bat-batean adierazten zailak, hobe da, albo batera uzteke, begien aurretik kendu, une batez bederen. Errazago zaigu, saihetsetik bada ere, egia eta literatura zer diren adierazten ahalegintzea. Egiari eta argiari ezin aurretik begiratu.

Itsu gaitezke, barnetik ez bada kanpotik, edo bietatik.

Audenen hitzak ditut buruan. Poesiaz ari bada ere, edozein arteri buruz erabili daitezke:

“Badira poema onak eta poema berezko eta bereizgarriak. Badira egiazko poemak, egiarekin zerikusi zuzena dutenak, egia alde batetik bestera jotzen dutenak”.

Auden, uste apala baino ez da, bizitzaz ari da egiaz ari denean. Poeta batentzat egia bizitakoa da, bizitakoa beti ere egiazkoa ez bada ere. Arestirentzat egia zerbait absolutua zen, zerbait ukaezina, bizitakoaz eta bizitzaz harago ere zegokeena: mundu honetakoa nekez izan zitekeena.

Beti esanen dut egia, nire ahotik ez da hitzik aterako egia ez denik.

Profeta baten hitzak dira, profetaren patua eta zoria bere gain hartu barik hartu dituela uste duenarenak. Arestik ez zuen jakin egia zer zen, beraren aldarrika aritu bazen ere. Egia hitz ederra litzateke, bera ere neurri batez gezurretakoa ez balitz.

Juan Carlos Onettik ongi zekien hori. “Egiaren gezurra ongi esatea da literatura”, esan zuen eta lasai geratu zen, ohearen gainean eserita, idazten, botila whisky ondoan, badaezpada ere. Idazleen larrialdiak oso baitira likidoak, ur eta uretara bihur daitezkeenak. Begiaren sorlekutik argiaren bestalderainoko bidaia egin duenak badaki egiaren eta gezurraren artean laino mehe bat baino ez dela zabaltzen, gezurra egia balitz bezala bizi izaten dela eta ametsa errealitatea bezala. Ez dago egiarik gezur bilaka ez daitekeenik, ezta gezurrik ere egiaren bidea erakuts ez lezakeenik, tronpagarri batzuetan. “Zer da egia?” galdegiten zuen Pilatosek, irribarrez, erantzunaren itxaropenik gabe. Zinikoek badakite gizon-emakumeek nahiago dituztela gezurrak, egiaren izenean ematen bazaizkie.

Hitzak engainagarri izan daitezke, gezurbide.

Jendeak uste du ez dagoela ezer zailagorik nork bere burua engainatzea baino. Psikoanalisiak, ordea, frogatua du ez dagoela ezer errazagorik nork bere burua engainatzea baino. Geure gezurrak sinesten ditugu, ez dakigulako gezurrak direnik. Horrek ez du esan nahi, ordea, egia direnik. Egia eta gezurra norberaren esperantzen arabera dira neurtzen eta norberaren izuen kariaz epaitzen. Esperantzatik esperantzara bizi dena ametsetan bizi da. Izutik izura bizi dena amesgaiztotan. Bateko eta bestekoak engainatuak dira, baina ez dakite. Batekoek eta bestekoek sentimenduzko fikzioa eraiki dute, arrazoimenaren eremuan.

Nola jakin poema bat egiazkoa dela? Ez dago jakiterik. Ez du garrantzirik, gainera. Agustin santuak vinum demonium deitzen zion poesiari, irudimena horditu eta lodi eginda jartzen zuelako. Ez zuen gure gizarteko irudi-mundua ezagutzen, gure mende honetako gezurgintza. Zer esango luke Hiponako gotzainak igande xume eta triste bateko futbol-partidua ikusterik balu, irudimena hordi eta beroegi, lodi eta lehertzear arraio jarritakoan? Poesia itzala da, egiarena bezain gezurrarena. Goethek idatzi du, nik dakidala, egia eta poesia elkarrekin uztartzeko saiakerarik biribilena. Poesia eta egia deitzen da. Goethe oroimenaz fidaturik idazten hasten da, oroimeneko egia bizi izandako egia delakoan. Berehala ohartzen da oroimena gezurgile dela, errugabeko gezurgile, nahigabe desitxuratzen baititu bizitakoak oro, orainaren sutegian eta iraganaren mesedetan. Kontu batzuk nahita dira ahanzten; gehienak, halabeharrez. Azkenik egiari hurbil dakiokeela aitortzen du, bera osorik harrapatzeke ordea. Honela dio Goethek: “Greziarrak handiak ziren, gertaera historikoaren egia baino nahiago zuten poetaren interpretazioa”. Goethek, ezinbestean, zintzotasuna aipatzen du, poetaren egiarekiko leialtasunarekin batera, poesiagintzaren ibilbide zail eta larrian.

Nola jakin ordea poeta edo idazlea zintzoa dela? Ez dago jakiterik, kanpotik begiratuta bederen. Ez du garrantzirik gainera. Poetaren zintzotasuna ez du bere egiarekiko leialtasunak erabakitzen, ezta bere hizkuntza egiazkoa izateak ere, baizik eta esaten duenarekiko daukan edo izan lezakeen harreman onak. Bizitzaz ari gara, noski, bizitako bizipen eta bizi minez. Bestela, bizitza kanpoan denean, poemak bizitzaz beste egin duenean, eta hitzak darabiltzanean testuko zeruaren edergarri soilik, pintatutako txoriak bezala, engainuaren trikimailua bera egiten da nabarmenegi.

Idazleak bere larrutik ordaindu behar luke, hitz bat bera ere bizitakoaren adierazle ez balitz. Ez da hori gertatzen, jakina. Poesia, egia eta bizitza bezala, gainbehera doa, agudo gainera, larru lodi.

5

Hasieran hitza zen eta hitza soinu bilakatu zen.

Amaieran ere hitzaren soinua entzungo da, beste soinuekin batera.

Irratia soinuen jauregia da. Goizetik gauera bitartean milaka soinu ateratzen dira bertatik. Giza izatea soinuz soinu neur daiteke.

Kantu eta musika dugu; izadiaren hots naturalak; gizon-emakumeen ahotsak. Ez bakarrik euskaraz. Hizkuntzak nahastu egiten dira, erabat galdu gabe. Musikak lehian ibiltzen dira, bat bera ere gailendu gabe; uraren zurrumurrua haizearen firfirarekin batera sartzen dira bat-batean etxean.

Dena da soinu eta dena da belarri.

Ahozkotasunaren gordelekua da irratia. Irrati bidez entzun daitezke gaur egun historiak, errealitatea kontatzeko esaten diren historiak. Azken finean, eguneroko albistegiak “Odisea”ren antza har dezake. Gogoratuko duzue: Troiako gerra bukatu da. Gerlariek bakoitza bere etxera joan nahi du. Ulisesek ere bai. Baina bidean galtzen da eta ezin iritsi Itakara.

Gau egun ez omen da heroirik. Baina Itakak badira, eta gerra amaituta etxe aldera abiatzen direnak. Denak ez dira iristen, ez dutelako iritsi nahi. Ez dakite bidean zer aurkituko ote duten; baina badute halako irudipena etxean zer ote dagoen. Monotonia eta abentura, horra hor zalantza eta hautatu beharra.

Pascalek zioen munduko arazo nagusiak gertatzen direla ez dakigulako etxean geldi egoten. Etxean geldi egongo bagina, inora joateke, lasaiago biziko ginateke, baina ez genuke esperientziak ekartzen digunetik ezertxo ere ezagutuko. Esperientzia izan baita mendeetan ezagutzeko modu bakarra ia.

Gerlariak gerrara joaten ziren eta bueltan, osorik etorritakoek, alegia hitz egiteko ahalmena galdu ez zutenek gerran ikusitakoa kontatzen zuten herriko plazan. Kontalaria, une hartan, jakintza iturri bihurtzen zen. Eta gerlari ohiaren inguruan eseritako haurrek kontatutakoa benetan bizi izaten zuten, beraiek balira bezala gerran ibilitakoak. Begiak handitzen zitzaizkien, bihotza estutzen, eta malkoren bat edo beste ere ateratzen zitzaien.

Hainbestekoa baita narrazioaren indarra! Hainbestekoa, ahotsaren eragina!

Historia batzuek indarra hartzen dute; beste batzuek, ez. Indarra duten historiak behin eta berriro entzun daitezke. Arimaren haragia zauritzen duten historiak dira, esaten duten historiak.

Hitzak liluragarriak dira, eta sendagarriak ere bai.

Hemen gure artean gertatu dena kontatu beharra dagoela diote.

–Baina jendeak egia jakin nahi du –esaten dit, kontzientzia bezala, beti ondoan daramadan adiskideak.

–Egiak, ordea, hitzetan dago –erantzuten diot.

Etxera etorri den gerlariaren egia ez da, seguru asko, etxera etorri ez denaren berdina. Irabazle sentitzen denaren egia ez da galtzaile sentitzen denaren berdina. Adiskide edo senideren bat galdu duenaren egia ez da adiskide edo seniderik galdu ez duenaren berdina. Sufriarazi duenaren egia ez da sufritu duenaren antzekoa. Biktimaren egia ez da borreroarena. Hildakoaren egia ez da hiltzailearena.

Itakan egiatzat dutena ez da Troian dutenaren berdina. Ulisesen egia ez da Ajaxena.

–Horrek zer esan nahi du, ezin dela egia kontatu? –galdetzen dit adiskideak.

–Horrek esan nahi du bakoitzak hautatu behar dituela bere hitzak, bere historia kontatzerakoan.

Hitzak atletak dira, eta historia bat kontatzean, guri gertatutakoa izan ala ez, hitzak elkarrekin lehian jartzen ditugu, aurrera joan nahian. Lehen iristen direnak, noski, hitz nagusiak dira: hitz faboritoak.

Egin beharko genuke, egunen batean, euskal hitzik errepikatuenen zerrenda. 

Harrituko ginateke emaitza ikusita.

Truman Capotek idatzi zuen, hil aurretik: “Nobelaren eta egiaren artean, hau da kontatzen denaren eta egiaren artean, uharte bat dago. Gero eta txikiagoa da uhartea, eta denbora aurrera joanean elkartu egingo dira”.

Galdera da ea uharte horrek zein tamaina hartua ote duen, gure lurralde honetan.

Categories: BESTELAKOAK/DE TODO UN POCO Tags:

Lavorare stanca

2011(e)ko Irailak 1 Iruzkinik ez
Categories: BESTELAKOAK/DE TODO UN POCO Tags: